Oskarbi

Oskarbi
Datuak
JatorriaGipuzkoa
Musika motaherri kanta
Urteak1966 -
Produkzioa
Diskoetxea(k)Herri Gogoa, Elkar
Taldekideak
Maite Aizkorreta
Beronik Ondikola
Bakartxo Maritxalar
Iñaki Maritxalar
Karlos Ruiz
Joana Ortega
Gontzal Iñarra
Diego de Vera
Maite Irusta
Maite Lopez de Arbina
Itziar Jauregi
Lara Mitxelena
Manex Iñigo Ibabe
Lehengo taldekideak
Jose Luis Treku
Kepa Garbizu
Karmelo Arren
Maite Aizkorreta
Mari Jose Fernandez
Itziar Maritxalar
Koldo Romero
Antton Valverde
Agustina Pontesta
Elixabete Urreta
Iñaki Zabaleta
Beronik Ordikola
Gontzal Iñarra
Maria Jose Bergara
Maialen Maritxalar
Beñat Ruiz
Badok: oskarbi Musikasten: oskarbi

Oskarbi euskal musikagintzan diharduen Gipuzkoako talde bat da. Herri kantutegia eta musika harmonikoa oinarri hartuta, 1960ko hamarkadatik aurrera bide berriak urratu zituen Oskarbik: jazza, gospela eta doinu berritzaileak euskal tradizioarekin uztartuz. Koldo Romero Eskamendik zuzendurik, Ez Dok Amairun parte hartu zuen taldeak, eta harreman estua izan zuen Bitoriano Gandiaga idazlearekin eta Jorge Oteiza eskultorearekin. Esperantzari leiho bat abesti ezagunaren egilea da taldea.[1]

Oskarbi taldea 2024an

Partaideak

Hamabost bat lagun pasatu ziren Oskarbitik. Taldearen azken osaera honako hau izan zen: Iñaki Maritxalar, Jose Luis Treku, Beronik Ondikola, Bakartxo Maritxalar, Maite Aizkorreta, Karlos Ruiz eta Gontzal Iñarra. Horrez gain, Oskarbiren ibilbide luzean beste hainbat musikari pasatu ziren taldetik: Mari Jose Fernandez, Kepa Garbizu, Karmelo Arren, Elixabete Urreta, Antton Valverde...

Estiloa

Ahots harmoniak ziren Oskarbiren ardatza. Taldeak "euskal jazza" delako musika egiten zuen: jazzaren, gospelaren eta 60-70eko hamarkadetako joera berritzaileen arteko nahasketa berezia. Ez zituzten partiturak estu errespetatzen, eta ahotsak modu espontaneo batez integratzen saiatzen ziren. Herri kantutegia eta taldeak berak sortzen zituen abestiak ziren haien musikaren oinarri nagusia. Euskal tradizioari modernitatea erantsi nahi zion Oskarbik. Jose Luis Treku taldekideak agertu zuenez, "Azkueren eta Aita Donostiaren kantuak hartu eta geure erara ikasi eta moldatzen genituen, eta guk geuk ere jasotzen genituen hainbat herritan. Baina horietaz gain, guk ere abesti berriak egiten genituen poeten hitzekin".[2]

  • Aita Donostia
    Aita Donostia
  • RM Azkue
    RM Azkue

Orduko euskal kulturan gertatzen ari ziren aldaketa garrantzitsuetan partaide zen taldea; hala ere, kantuak ez ziren momentuko egoerari erantzuteko sortuak.

« Guk ez dugu zirkunstantzia bati, edo momentu koiuntural bati bakarrik erantzungo dion abestirik egiten. Bat-bateko horiek, sarritan, bere eragina gogoan hartuz ere, berehala igarotzen dira, modatik pasatzen. Jakineko une bati ez ezik, gure herriaren norabideari erantzunaz jokatu nahi dugu. Abeslariaren eta herriaren artean etenik sortu gabe. »

Koldo Romero[3]


Abestien hitzak

Hitzei dagokienez, Bitoriano Gandiaga, Joxan Artze eta Xabier Leteren olerki asko musikatu zituen taldeak. Horiez gain, Jorge Oteizak ere eragin handia izan zuen taldean; hark egin zituen Oskarbiren ikurra eta lehen disko txikiaren azala.

Historia

Sorrera eta lehenengo diskoa (1966-1969)

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Ez Dok Amairu eta XX. mendeko kantagintza azaltzen dituen bideoa.

Oskarbi taldea 1966. urtearen hasieran sortu zen. Don Bosco haur abesbatzan ibilitako hainbat kidek talde berria egitea erabaki zuten. Berehala dezenteko sona lortu zuten. Baina hasierako hilabeteetan ez zuten zuzendaritza musikalik, eta zeregin horretarako Don Bosco abesbatzan ezagututako Koldo Romero gonbidatu zuten.

1968an, Eibarko San Joan jaietan Radio Juventud-ek antolatutako Primer Premio de Intérpretes de la Canción en Euskara-Gran Premio de Eibar lehiaketan euskal kantuaren lehen saria irabazi zuen taldeen atalean, Koldo Romerok sortutako "Gazteak gera" doinuarekin. Hala ere, kantuak ez zuen zentsuraren galbahea pasatu, eta ezin izan zuten grabatu. Hurrengo urtean, taldeak lehen disko txikia eman zuen argitara. Kantutegietatik hartutako lau abestik osatzen zuten, baina molde gaztea eta berritzailea emanez. Diskoa Urnietako Salestarren ikastetxean grabatu zuten, Bartzelonako talde tekniko baten laguntzaz. Herri Gogoa diskoetxeak eman zuen argitara.

Urte horietan, Ez Dok Amairu mugimenduan murgildu zen Oskarbi. Taldearekin hainbat emanaldi egin zituzten.

Bigarren diskoa (1970-1971)

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Ez Dok Amairuren Baga, Biga, Higa... sentikaria azaltzen duen bideoa.

Bigarren diskoa Bartzelonan grabatu zuten, Lluis Llach eta Joan Manuel Serraten estudioko musikariekin: Abesti zaharrak eta berriak (Herri Gogoa, 1970). Baliabideak hobeak izan ziren, eta, abesti zaharrez gainera, taldearen hiru abesti sartu zituzten: "Ni bizi naizen lurrean", "Txori txikiak" eta "Iru gabean".

1971an Portugaleten estreinatutako Baga biga Higa Sentikarian parte hartu zuten Ez Dok Amairurekin.[2]

Hirugarren diskoa (1972-1974)

"Gorkaren ('Oteizaren') hamalau irudiak" Arantzazun
Oteiza errepide bazterrean

Horren ondotik, taldeak hainbat aldaketa izan zituen. Batzuek, soldaduskara joan behar izan zuten; beste batzuk, ezkondu egin ziren. Hala ere, Oskarbik bizirik segitu zuen. Hirugarren diskoa, Eskutari (Herri Gogoa, 1972), Donostian grabatu zuten, Iñaki Beobidek zabaldutako estudioan, eta teknologia berriak baliatu zituzten: moog gailuaren erabilera izan zen berrikuntzarik handiena. Diskoan Koldo Romerok sortutako lau kantu zeuden: "Androkanto", "Kezka", "Eskutari" eta "Bai, bai bainan gero ez".

« ANDROKANTO

Entzun nahi duenentzat hamalau
Gorkaren irudiak salatzen
Hamalau atetikan karrasi
Hamalau harri ixil-ixil bilutsik
Harriaren hutsetik oihuka
Harriaren tartetik kantari
Nora zoazte gogorrak
Oharrak aditu gabe?
[...]

»

Koldo Romero Eskamendi

Laugarren eta bosgarren diskoak (1975-2003)

Esperantzari leiho bat zabaldu nahi zion Arantzazuk frankismo garai gogorretan, baina ez zen erraza.

1975ean bi disko argitaratu zituzten: Olentzero eta Hitz urri batzuk, biak Herri Gogoarekin. Lehena, gabon kantuz osatutako lana zen. Bigarrena, berriz, orduko egoera politikoaren ispilu garbia. Horretan dago Esperantzari leiho bat abestia, Bitoriano Gandiagak idatzitako hitzekin osatua eta taldearen ikur bihurtuko zena. Kantu horrekin bukatzen baitziren Oskarbiren emanaldiak.

« Esperantzari leiho bat

Esperantzari leiho bat
Zabaldu omen diote
Bizi ote den
Ikusteko ere.

Baina nekez ikusi dute
Esperantzarik.

Desilusio usai bat
Erten omen da leihotik.

»

Bitoriano Gandiaga

1975ean Madrileko Ateneoan kantaldi gogoangarria eman zuten. Eta 1976an Donostiako Belodromoan 24 ordu euskaraz kantaldi erraldoian aritu ziren,[2]

1977an Koldo Romerok Oskarbi utzi zuen, baina taldeak iraun egin zuen.

1978an Bilboko La Casillan Joan Manuel Serratekin kantaldi bat egin zuten.[2]

1980an taldearen azken disko ofiziala agertu zen, Euskara eta txakolina (Elkar), eta 1984an taldearen agurra iritsi zen, 400dik gora emanaldi eskaini ondoren. Hortik aurrera, Oskarbik oso tarteka eskaini zituen emanaldiak, ekitaldi berezietan, hala nola Gandiagari eta Oteizari eskainitako omenaldietan.

Antologiako diskoa eta hainbat kontzertu (2004-)

Oskarbi (2020)[1]

Oskarbiren antologia bat argitaratu zuen Elkar diskoetxeak 2004. urtean: Esperantzari leiho bat, bi diskoz osatutako bilduma. Bertan, sekula grabatu gabeko sei kantu agertzen ziren: "Ez dakit zergatik", "Andre nobia", "Mutil txaleko gorria", "Lua lua", "Ez zaude bakarrik" eta "Elizara dihoa". Horrez gain, 1976an argitaraturiko Olentzero diskoko kantuak konpaktu formatuan berrargitaratu ziren 2008an, eta beste bost kantu grabatu berriak erantsi zizkieten: Olentzero (Elkar, 2008). Honen ondoren ere disko berriak atera dituzte.

2000ko hamarkadan Quebecen, Argentinan eta Uruguain kantaldiak eman zituzten.[2]

Oteizaren hutsunetik, Gandiagaren hitzetara tituludun kontzertua antolatu zuten 2019an, Oteizak Arantzazuko proiektua amaitu zueneko 50. urteurrena ospatzeko.[4]

50 baino gehiago izan dira 2010raz geroztik eman dituzten kantaldiak.[2]

Diskografia

  • Oskarbi (1969, Herri Gogoa)
  • Abesti zaharrak eta berriak (1970, Herri Gogoa)
  • Eskutari (1972, Herri Gogoa)
  • Olentzero (1976, Herri Gogoa)
  • Hitz urri batzuk (1976, Herri Gogoa)
  • Esperantzari leiho bat: antologia 1966-2004 (2004, Elkar)
  • Olentzero (2008, Elkar)
  • Xirimiri (2012, Elkar) Herri kantak eta kantu berriak tartekatuta agertzen dira, baina herri kanta gehienak ere inoiz grabatu gabeak dira. Kantu berrien artean, Jose Luis Treku, Xabier Lete eta Bitoriano Gandiagaren poemetan oinarritutakoak daude: Xirimiri, Gabon hitzak eta Kuku hurrenez hurren.[5]
  • Mendira naiz (2016, Elkar)
  • Kantua zuei (2021, Elkar)
  • Jose Luis Treku
    Jose Luis Treku
  • Iñaki Maritxalar
    Iñaki Maritxalar
  • Gontzal Iñarra flautan.
    Gontzal Iñarra flautan.

Erreferentziak

  • Edukiaren zati bat «Oskarbi» artikulutik hartua da. Artikulu hark Gontzal Agote du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
  1. a b Apaolaza Avila, Urko. (2020-11-08). «Iluntasunaren aurrean, kantuaren arnasa» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-04-23).
  2. a b c d e f Berria. «Bere lanaren antologia plazaratu du Oskarbi taldeak» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).
  3. «Oskarbi Ere Etengabeko Lanean 'Olentzero' Eta 'Hitz Urri Batzuk' Bi L.P. Berriak» Argia 1976-12-12 (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).
  4. Berria. «Oteizaren eta Gandiagaren omenez, kontzertu berezia egingo du Oskarbi taldeak, Arantzazun» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).
  5. Zabala, Juan Luis. «Oskarbik kantu berriekin osatutako diskoa plazaratu du» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

  • Androkanto abestia entzun. 10. kantua Kantua Zuei albumean (badok.eus)
  • Esperantzari Leiho bat abestia entzun. 13. kantua Kantua Zuei albumean (badok.eus)
  • Marinela abestia entzun. 11. kantua Kantua Zuei albumean (badok.eus)
  • Mendira naiz abestia entzun. 12. kantua Kantua Zuei albumean (badok.eus)
  • Soin berriko koplak abestia entzun. 7. kantua Kantua Zuei albumean (badok.eus)
  • Androkanto abestia entzun. Oskarbi: gaia, Youtube
  • Esperantzari leiho bat abestia. Oskarbi: gaia, Youtube
  • Marinela abestia entzun. Oskarbi: gaia, Youtube
  • Mendira naiz abestia entzun. Oskarbi: gaia, Youtube
  • Soin berriko koplak abestia entzun. Oskarbi: gaia, Youtube
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q12265338
  • Commonscat Multimedia: Oskarbi / Q12265338

  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Badok: oskarbi
  • Wd Datuak: Q12265338
  • Commonscat Multimedia: Oskarbi / Q12265338